ORTZAIZE ETA BERE AUZOAK

Jean-Baptiste Orpustanen hitza Ortzaizeko auzo zahar eta berrietaz

XI-garren mendetik 1530-erano Iruñeko erresumari lotua zen Baxe-Nabarreko herrialdean, XIV-garren mendean “Orzaizko ibarra” egiten zuten 7 lehenbiziko auzoetarik, bakoitza bere etxeko jaunen bilzarrearekin zergen uzitzeko, 5-ek egin dute Orzaizeko herria, Errobiko ibaiaz berexirik 1923-ean Arrosa herriko Eihartzea ‘ta Etsaba bi auzoak baztertu zirenez geroztik: horiek dira Horza, Ahaize, Gahardu, Iriberri eta Ugarzan. Bidarrai, jenderik gabe XIII-garren mende aitzinean Orreagako komentuak hor jarri zuen komanderiako langileak salbu, lehengo auzoetarik jalgi ondokoez jendeztatu da XVII-garren mende hastapenetik, eta bere gain herri bilakatu 1800-ean.

Ibarreko erdigunea nunbait han hartzen duen auzo hau Baigurako mendiaren behereko zabalzan hedatzen da, ibar beherean hegoaldetik mugatzen duen Lakako errekarano, iphar-sortaldean Iriberrirano eta sartaldean Gahardurano. Gune molde horrek emana daukoke bere izena “Horza”, uste ukaiten ahal baita urd- euskal-hitz zaharraren aspaldiko aldatze baten ondorioa dela, hortik jalgia den ordoki ertaroko eta oraiko hitz batzunduaren erran-nahi berean, aspaldi urz-era aldaturik gaizki latindua ursaxia moldean X-garren mendean ibar osoari emaiten zizakon izenean, hitzak duen erran-nahi zuzen eta herrialdetakoan. Ahaizeren lehengo izenarekin moldatu den izen hortarik jalgia da ageriki ibarraren eta oraiko herriarena “Orzaiz”, XII-garren mendetik “Ossès”-era aldaturik erdara ofizialean: gaskoina frantsesa baino ainitzez lehenago. Baina bitxiena da urd- erro zaharra gelditu dela auzoko hogei bat Ertaroko etxe ‘ta etxaldetarik baten izenean. Etxe hau ordokiko hegian berean jarria, lekua aitzinean doi-doia utziz auzoa zeharkatzen duen errepide departamentalari, Urdoz da 1344-an lehen aldiko izkiribatua aurkitzen den moldean, orai “Urdoxea”. “Urdos” izen bera emana izan zen Baigorri ibarreko auzoari bezala  “Aspe” ibarreko herriari, leku-izen euskaldunen hatz ainitz atxiki duen Biarnoan.

 

Erdiguneko ibar zabal hori gelditzen da iphar-sortalde aldera Irisarriko bidean (8 errepide departamentala) Iriberri auzoan, iphar-sartaldean Baigura mendian, sartalde-hegoaldean Gaharduko auzoa hetarik hasten den Landartea eta Zelhaia Ertaroaz geroztikako etxetan. Sartaldera Baigurako malden zolan berean Departementala baino lehenagoko bide zaharraren luzaran jarria den etxe lerroa, Adresena eta Kaderet-borda barne, Horzako izan da betidanik. Saldegi ttipi, ofiziale (arotzak) eta ostatu gehienak eztu aspaldi Horzan bilduak ziren, herriko etxearen, postaren, ikastegien, eliza nagusiaren eta (ahur-joko zaharraren ondotik) pilota-plazaren inguruetan. Ikusiko da saldegiak eta ofizialegoa lekuz aldatu direla gehienean eta XX-garren mende azkenetik hedatu osoki bertzelako gune batean auzo berri bat eginez.

Lehenago, goizaldera Iriberriko azken lurren (“Galharrondo” izeneko lekua Iriberriko eiheraren ondoan) eta sartaldera Gahardukoen artean, Izpurako eta Garaziko mugarano hegoaldera, Lakako errekaren ezkerraldeko eremu menditsuago guzia hartzen zuen Ahaizeko auzoaren izena, Ertaroan “aiza, haiz” eta b. izkiribatua, aitz “harri, harroka” eta hedamenez “eremu menditsu” erran nahi zuen hitza da.

 

Ertaroko hogei-ta bortz etxe ‘ta etxaldetan (Irisarri guzian bezainbat orduan), batzu herrixkan bilduak dira Bixintxoko kaperarekin (bikarigo bat XIII-garren menderano), bertze batzuek bazter-leku aski hedatuak hartzen dituzte, sartaldean Murgitik sortaldean Urruzpururano, iguzki sortaldera edo goizaldera dauden hirur “Irigoiz-” izeneko etxetarik Irigoizeta deitu lekuan gaindi. Auzoko etxe batzuek mendia izendatzen dute, hala nola “Mendia” lehenago herrixkaren barnean, orai Oihanhandiko mendian, “Mendikoaga” (mendi ttipi lekua). Aspaldiko bide bat abiatzen da auzo bildutik Mendikoaga, Murgi eta bertze bazter-lekuetan gaindi Gahardu eta Arrosa aldera.

 

XV eta XVI-garren mendetan jendetzearen hedatzea eta lehengo erret-oihaneko lurren lantzea haizu utzi zuten lege berezien ondotik, behereko auzoa etxe ‘ta etxalde berri batzuez handitu da Ahaizemendi izeneko eremu gora eta menditsuetan. Horri lotzen zazko hego-sartaldera Uhaitzerreka erran lekuan Errobiko errekarano hedatzen den etxe multzoa alde batetik, sartaldera gaurregun osoki zuhatzez hustua den lehengo “Oihanhandia” hunkitzen duten etxaldeak bertzetik, Irisarriko mugarano, hetan “Mugondoa”. Auzo osoak bazituen “behereko” eta “gaineko” 70 etxez goiti 1700-ean, 80-ez goiti 1800-an.

 

XX-garren mende azkenean eta munduko bigarren gerlaz berantago baizik (etxe bakar bat da 1945 baino biziki guti aitzinekoa) ezta hedatu bizilekua beherean, Errobiko hegi ezkerrean Ahaizeko aldera, Horza eta Ahaize arteko zubiak deitzen duen Zubialde auzo berrian. Aitzinean baziren Horzako aldean eta hartan hartuak lekuaren izena hartzen zuten (Zubialde-Etxeberria bidearen zabaltzeko barreatua) ofizialen hiruzpalaur etxe. Bizileku berria Ahaize aldera hedatu da Horzako etxetakoak ziren lurretan, “Aphatteko-pahata” dioten maldaren beherean: egiazki lehenago elizari (Horzakoari) erdaraz emaiten zizakon “abbadia” erdal-izenarekin. Bide horrek derama Ahaizera eta Ahaizemendira, eta sortaldera bidekurutzetik ezker Irigoizetako bazter-lekura.

Gahardu, 918 errepide departamentalaz zeharkatua (Baionako bide XVIII-garren mende azkenean idekia), lehenago Galhardu edo Garhardu izendatzen zen, galharr (zur-ikhatz) euskal-hitz zaharretik, lekuan ikus daitekeen hatzik utzi eztuen lana. Iphar-sartaldean Bidarraiko mugetarano (Higuain izeneko etxe ‘ta lekua) Baigurako oinetan hedatzen zen auzoak ukanak zituen Ertaroan hogei bat hurbil etxe ‘ta etxalde. Lakatik hara bazoan hegoaldera Bidagain etxerano (beherean Horzatik eta gainean Ahaizetik Arrosara deraman bidean), eta Lakan “Garrokoa” dioten eiherarano, egiazki Lekorneko Garrorena izana zen Gaztenarenekoa. Etxe batzu jarriak ziren berant Arrosa eta Baigorrirako zubiaren ondoan Arrosakoak (zubi haraindiko Eihartze auzoa) ziren lurretan, bi herriak berexi baino lehen.

 

XX-garrren mende azkenetik Errobiko sartaldean eta Lakako hegoaldean ordurano jendeztatua etzen eremu guzia handizki aldatu da bizileku eta egintzalde  berri andana batzuen hedatzeaz, Gahardukoak edo Arrosan Eihartzeko etxe Ertarokoenak izanak ziren lurretan. Izenek berek erraiten dute horien lehengo izanara, oraikotik ontsa bertzelakoa: Iraordoki (iratze ordokia) beherean, Aphalats-Ordoki gainean, alde hortan auzo bilduko etxe batek, bertze batzuekin, ukanak zituen lurren izenetik. Aphalats-Ordoki gorak ikusi du, Zubialdek bere lekuan bezala, etxalde ohikoen laborantzatik gehienean berex dagon etxe multzo bat jartzen.

 

Iraordoki behereko auzoa 918 errepide departamentalaren bi aldetan zuzen eraiki da Errobiko zubi bazterreko etxe zaharragoetarano. Eraikuntzek, herrialdeko etxe ohikoen iduriko molde lekukoan ala eraik-molde berriagoan, badaduzkate saldegi eta ofiziale, horrela ordainduz, arau zabalago batzuetan eta zerbitzu berri batzuekin, lehenago Horzako erdiguneak edo “plazak” zuen berezitasuna. Orduan egoilez hutsa zen eta “Irordokiko ibar eder eta zabal nunbait han herriko auzoen erdigunea” zela zion eremu hortan zuen Orzaizeko auzaphez bera Arrosa Eihartzekoak 1810-eko ekhainaren 19-an erlisioneko zeremonia handi batzuez ospa-arazi “Erromako errege” zioten Napoleon Lehen eta Austriako Maria-Luizaren semearen sortzea. Gaurregun ofizialen bi urtetako bestaren lekua da.

Iriberri eta Ugarzan auzo gutiago hedatuek, XIV-garren mendean bakoitzak hamar bat etxe ‘ta etxaldez gutiago baizik etzutenek, hartzen dute bat bertzearen ondotik ibarrarren iphar-sartaldeko eta ipharraldeko eremua Irisarriko mugarano. Bidarrai jendeztatua izan zelarik XVII-garren mende ondoan, elgarrekin zinegotzi bakar bat baizik hautatzen etzuen auzo bakar batera bildu ziren, aldizka auzo bakoitzak biga izendatzen zituen urtean salbu. XVIII-garren mende azkenerano eta Errobi errekako bidearen idekitzerano hortik izana da Orzaizeko ibarrera sartzeko gune bakarra Baionako bide zaharretik (berant “Napoleon bidea” izendatu da), Irisarriren zeharkatzean Orzaiz-bide izena hartzen zuena. Bi zubiek bazeramaten Ugarzaneko lurraldera: lehenak ipharraldean Lakako erreka baino gorago Baigurako hegi gorenetik (895 m.) jausten den Elhurra izeneko uhaitza iraganez zubia baino lehen ibi zenbaitetik, Garziarena alde hortan Orzaizeko azken etxearen ondoan, bigarrenak Lakaren gaineko inguru-erdi betegin bateko zubitik, alde hortan Uharte ‘ta Harnabar Irisarriko azken etxetako oinean.

 

Bertze Iriberri deituetan bezala Garazin ala nun nahi, auzoaren “berritasuna” Zaharraro azkenerano bederen igan zaitekeen, lekua jendeztatu eta izendatua denaz geroz XII-garren mendean herrialdeaz ari diren lehenbiziko paperetan. Etxeak bazterleku gutirekin Lakaren itzulgune gaineko ordokian jarriak dira, lurrak ibai haraindian aski urrun hedatzen direlarik sartaldera gora (Abartiaga, Irapiztia) ala urerano hegoaldera (Iriberriko eihera). Errepide departamentalean Irisarriko muga aldera Sabioko zubia iraganik maldaren gainera heltzean ikusten dira oraino XX-garren mende hastapenean munduko bigarren gerlarano ari izen den “Chaux et ciments d’Ossès” izeneko landegiaren harresi zatiak. Auzoak osoan ukanak zituen hogei bat etxe XIX-garren mendean, eta bertze hoinbertze aurkitzen dira XXI-garren hastapenean eraikuntza berri batzuekin.

 

Ibarra iphar-sortaldera hesten duen Ugarzan-ek, Irisarriko azken goratasunen ondotik (Gazteluzahar etxea, Azkonzilho harpe aitzin-ixtoriokoa) uhaitz bilakatzen den Lakaren jauste azkarretik landa, urak Miruetako urzilora eta beharago zubirano deramatzan ureko harri leundu ugarri deituetarik hartu du iduriz izena. Etxe zaharrenak ordokian bilduak daude bideko alde bietan zubiaren ondotik eta Orreagako komentuak XIII-garren mendean hor zuen eta hortakotz “Ospitalea” deitu, “abadia laika” bilakatu eta gero herritarren eskuetara iragan den etxetik hara. Bizileku baztertu batzuekin, Irisarriko mugatik (Garziarena mugan berean) Baigurako nabetara (Mendigibel), auzoak bazuen hogei etxe baino gehiago XIX-garren mendean, gehienak orai utziak. Ugarzaneko lurretan (Landaburua ostatu bilakatua, “Lœwy Abartiagakoak” eraik-arazi zuen “jauregia”) sartzen zen ikusi den bezala XVIII-garren mende azkenerano Baionatik Garazirako bide zaharretik Orzaizeko ibarrera zeraman karrosabide bakarra.

Historiak erakusten dauku Ortzaizeko herria 5 auzo historikoz osatua zela : HORTZA, GAHARDU, AHAIZE, IRIBERRI, UGARZAN. Lekukotasun historiko hontarik abiatuz baita gaurko herriaren egitura ikusiz, proposatzen dugu herriaren zatiketa berri bat 5 auzo historikoak atxikiz eta horri gehituz beste bi auzo (AHAIZEMENDI eta UHAITZERREKA), historikoki AHAIZEko parte direnak.

Ondorioz, Ortzaizek 7 auzo nagusi ditu. Auzo bakotxean, herritarrek untsa ezagutzen dituzten leku desberdinak bereizten ahal dira.

HORTZA:

    • Hortza
    • Zubialde
    • Xorroan-Bixkarra
    • Aphalerreka

GAHARDU

    • Gahardu
    • Iraordoki
    • Aphalatsordoki
    • Xerrenda

AHAIZE

    • Ahaize
    • Antxibazter
    • Irigoizeta

AHAIZEMENDI

    • Ahaizemendi
    • Oihanhandi
    • Beleztegi

UHAITZERREKA

IRIBERRI

UGARZAN

ORTZAIZE GEOGRAFIKOA

Herriaren deskribapena Pierre Laborde-Sala geografoarenganik

Ortzaize Errobiren ibar ertainean kokatzen da, bide erditan : beherekaldea eta mendiaren artean. 4 238 hektareako lurralde batean, herriak 2018an, 826 biztanle kondatzen ditu, jendetzaren guttitze larri bat bizi ondotik, azken urteetan zuzendu dena baita bere aktibitateen aldaketa inportante bat, laborantzak guttiengoa errepresentatuz. Ortzaize, laborantza eta artzain ekonomiadun Baxe-Nafarroko lurraldearen parte da, influentzia urbano eta turistiko beti eta handiagoak ezagutzen dituena.

102 m goratasunetan kokatua den ordokiak Ortzaizeren erdialdea osatzen du. 800 m largo eta 4 000 m luzetasuneko lurreratze arroil bat okupatzen du Ortzaizek, goratasun desberdinetako bainan beti garbiki ageri diren erliebeen beherekaldean.

 

Ortzaizeko ordokia, eskergabeko mendi baten erdian den laborantza herri bat da. Eskualdeko lurraldearen eskalako esplotazio sistemak laborantza paisaia moldatzen segitu du gaur arte. Alde batetik, iraultze eta pentzeetako baliagarriak diren lur arin eta ura duten ordokien, eta bestetik, hegoalderuntz aurkeztuak diren eta mendixkaz egina den eskualdean diren mahasti mazelen batasunak, kondizio hoberenak sortu ditu jendetza handiaren jinarazteko eta egonarazteko.

 

Kultura muga ez da goraia eta horrek bizilekuarena manatzen du. Bizileku zaharren parte gehiena ordokian kokatzen da : Hortza, Gahardu eta Iriberri-Ugarzan etxe-multzo nagusiak dira.

Ortzaizeko ordokiaren gainekaldean, iparraldean, Baigura mendi gain harritsua da, 3km-ko luzerakoa eta goratasun desberdinetakoa (lau tontor 800m-z gora dira). Mazelak mendi gotor baten inpresioa emaiten du, bere formarengatik, arroila handiekin eta ordokiaren goratasun ahularengatik.

Horrez gain, mendigune hori gizaki eta etxebizitza gabekoa da 150m-ko goratasunetik harat, kabalen begiratzeko eraiki bordak aparte.

 

Hegoaldean, Ortzaizeko ordokiaren mugak indar eskasa du. Mendixkak, mazel biribildu eta oihantsuekin, hiruk Ahaizeko auzoa inguratzen dutelarik, harri gotor leku bati lotuak dira eta 395-462m arteko goratasunean diren lur zelaiei buruz emaiten dute, bainan Errobira hurbilduz, beren moztura barna da.

Kontrastea argia da, alde batetik laborantza lekua den ordokiarekin eta bestetik, mendia, tradizionalki hazkuntza estentsiboari eskainia.

Bigarren paisai mota hau, nagusia dena, begetal eratorri paisaia izatearen ezaugarria du : elar, ote eta iratzedun larrea da, gizaki eta bere kabalen eraginaren menpeko dena.

Larrea alhalekua izana da, erregularki moztua izana eta batzuetan errea.

 

Parte apalenetan edo hurbilerrexenetan, larreak laborantza ekonomian parte hartzen zuen, inaurkin gisa, ondotik lurrari hungarria emaiteko erabilia zena, lastoa arraroa zelarik herrian.

Praktika horiek kasik abandonatuak dira gaur egun eta larre lekuak beti eta lurberrituagoak dira, labakitzeko eta belarrari eskaintzeko.

Iraganean, lurralde osoa oihanez estalia zen. Gaur egun, Ortzaizeko ibarreko %8a bakarrik estaltzen du, eta bere esplotazioa aspaldikoa da ; milaka haritz horrela desagertu dira.

Arbol nagusia haritza mota berezi bat da lur fresko eta buztinduna maite duena eta egokiak zitzaizkion hezetasuna baita urtean zehar kontraste ttipiko tenperaturak ditu. Beste haritz mota batek laguntzen du lekuka, eritasunek ez badute desagertarazten, baita gaztainondoak ere bai, aspaldi sartua izan dena bainan 1908an Ortzaizen (Arrosa) ideki zen taneria fabrikak baita eritasunek azkarki sufriarazi dutena.

Haritzek sufritu dute ere “têtard” gisako mozketaz, zerrien bazkatzeko fruitu gehiago ukaiteko praktikatua zena, bainan ere ondoriotzat ukan du horien erresistentzia eristasunen parean ahultzea. Oihana gaur arrunt desagertua da goratasunetan eta ez du gehiago pasatzen 300-350 m-ko goratasuna.

Bi errekek Ortzaize zeharkatzen dute : Laka eta Errobi. Laka Ortzaizeko erreka da.

Ugarzanetik Errobirekin juntaturaino, 4 – 5 km-ren gainean, erreka ttipia da. Bere emaria ahula da, elikadura ahul baten neurria segituz, baita bere erregimen berdintsua bainan gainditzeak ere sor lezazke.

Errobi mendebaldetik sartzen da terrazean. Nahiz eta goratasun ahula ukan, ez da uste dugun sarbide ardatza izan, beherekaldeko arroilengatik eta emaria eskasarengatik.

Lurrezko bideak posible ziren sarbide bakarrak ziren ondorioz. Zirkulazioa erliebeari egokitu behar izan da eta egokitze hori oraindik ikusgai da bideen ibilbideetan, aspaldikoak direnak, eta batez ere etxebizitzak erabiliak diren lurraldeeri lotzen dituztenetan.

Luzaz, Ortzaizeko ibarrerateko bide nagusia Irisarritik heldu dena da, Baionatik Donibane Garazira doanarekin lotzen dena. XIX. mende bukaeran, baldintzak aldatzen dira Baionatik Donibane Garazira doan bidea sortuz Errobiko ibarretik 1880tik aitzina baita treinbidea sortuz 1892an errekari segi.

Hurrengo hitzorduak

23 Urr

Zurezko eta kanpoko jokoekin animazioa

10:30 - 12:00
125 Ezkerparetako bidea 64780 Ortzaize
19 Uzt

Zinema gaua kanpoan

22:00 - 23:30

Herriko etxea

Orduak:
Astelehenetik ostiralera: 13h30 – 17h30 Asteazkenean: 9h00 – 12h00