ORTZAIZEKO HISTORIA

Gertaera historikoak, Jean-Baptiste Orpustanen arabera

Baigurako mendian arkeologek aurkitu dituzten harrizabal eta harringuruak, 5 edo 6 mila urte inguruetako ehorztokiak, dira Orzaize oraiko herriaren lurretan beretan gizakia hor zelako lekukotasun zaharrenak. Hurbil-hurbilean aurkitzen da alde batetik Lakako errekaren gainaldean Irisarri aldeko mugan Azkonziloko harpea: arkeologek hatzeman dituzte hor duela 20.000 urte inguruko “solutrear garaikoa” dioten aroko tresna harrizkoak, urtarokari ihizi eta arraintzako egintzen lekukotasun. Kontraldeko eremuan, 1923-ean Orzaizetik berexi zen Arrosa herriko Larla mendian, burdinalanek hatz ainitz utzi dute, zaharrenak 2.000 urtez goitikoak, eta gero 14-ko gerlarano berriz ari izen direnenak. Arozahar azkenetik bederen jendeztatua den ibar erdiguneko eremuan, bi Errobietako eta Lakako uren bateragunetan, ikherlanik ezta batere egin.

Arrazoin onez uste ukan daiteke latinez herrialdeko “flamen, dumvir, quaestor” eta “magister” zen Verus izen erromatardunaren herriak (“pagus”), Hazparneko III-garren mendeko harridazkian baitio Erromako emperadorearen ganik (Aurelianus, Tacitus ala Probus) ukan zuela “Bederatzi jendaldeak” (gero Gaskoiniako dukatea, Saint-Sever hirinagusi) “Galesetarik” berexiak izanen zirelako baimena, erran nahi da Auguzturen “Akitania handi” edo “Akitania bigarren” Loire ibai eta Bourges-rano zoanetik, hartzen zituela guti berantago apezpiku-herri “lapurtarra” (edo Baionakoa) eginen duten herrialdeak edo “ibarrak”. Hori zen “Tarbelak” dioten jendaldearen herriko zati mendebaleko eta hagoaldekoena, Espainiako mugaz haratago baitzoan sartaldera (Gipuzkoa) eta hegoaldera (Baztan, Lerín) XVI-garren mende azkenerano: Tarbelak ziren “Bederatzi jendaldetako” bat, hirinagusia Akizen (“Aquis tarbellicis”) zutena Erroma Akitaniaz jabetuz geroztik.

Orzaizeko “ibarraren” izena, hitzaren erran-nahi zuzenean eta ofiziala izanean, X-garren mende azkenera 950 urte inguruan agertzen da lehenik, Arberoa, Garazi, eta Baigorri bertze “ibarrekin” eta erran gabe doa Lapurdirekin, Baionako apezpiku-herri “lapurtarra” erraneko lurraldetan. Akizeko apezpiku-herri zabal lehenbizikotik berezi apezpikutegi hori izana ahal omen zen VI-garren mendetik “Lapurdum” izeneko hiri-gazteluan (Baiona), Camille Jullian Arozahar erromatarreko ixtoriolariak dionaz, Normanez lapurtua izan baino lehen, eta gero hek X-garren mende ondarrean ihes egin ondoan berriz jarria.

XI-garren mende hastean, Zantxo Handi Nabarrako errege ‘ta Mairuer berriz hartu Espainiaren zatiko “emperadoreak”, eta une batez Gaskoiniako dukeak Iruñeko erresumarekin batzen ditu Baigorriko herrialdea hango lehen bizkondea izendatuz, Garazikoa, Orzaizekoa, Irisarrikoa eta Arberokoa: horiek eginen dute Baxe-Nabarra “baionesa”, XII-garren mende azkenean lotuko baitzako Amikuze ‘ta Oztibarreko “akiztarra”.

XIV-garren mendean ibarreko 7 auzoek, Horza, Ahaiz, Gahardu, Iriberri, Ugarzan, gero Errobiaz haraindian Arrosa eginen duten Eihartze ‘ta Etsabarekin badute ehun bat etxe ‘ta etxalde izendatu eta zerga emaile. 1632-ko “erreforma” batek ikasten dauku hetan 65-ek urtekal hautatzen zituztela herriko egitekoak arautzen zituzten zinegotziak. Bidarrai, han Orreagak komanderia ttipi bat ezarria zuen bere kapera erromanarekin eta hara ez oraino Errobi bazterretik baina mendietarik iragaiten zen oihanen eta alhagiako lurra, ibarreko ondokoez jendeztatzen da XVII-garren mende hastean, gero parropia erantsi bilakatzen, eta zinegotzi baten izendatzea ukaiten du, Iriberri eta Ugarzan auzo ttipiagoak batera biltzen direlarik elgarrekin zinegotzi bakar baten hautatzeko.

XV-garren mende azkenetik eta gero XVI-garreneko erret-eskubiderekin eremu jendeztatu eta erabilia handizki hedatu da aitzineko erret-oihan eta lurretan (Erretelia, Erdoizko sagardia …) Ahaizeko mendian eta bertze lekuetan, horrek baiterama Horzako San Julian eliza zabalago baten eraikitzera apezpikuarekilako auzi baten ondotik XVI-garren mende odarrera. Akomeamendu bat berriturik izana zen Baztango ibarrarekin 1547-an Bidarrai eta Arizacun aldeko oihan eta alhagien erabiltzeaz elgarrekin.

Gertakari handi bat izaiten da 1767-an: lehengo erret-eremu “herritar” bilakatuen zatitzea auzoz auzo, gero etxez etxe uzituak baitira, adminiztrazionea ez herriko kargudunak ehoiz horren ondorio guzietara helduak izan gabe, 1808-ko ostaro 29-an Estatuko Konseiluaren baieztamena izana gatik.

Frantziako Iraultzaren eta lege berezi guziak eta Baxe-Nabarraren izaitea bera herrialde batasun bezala ezabatzen dituen agorril 4-ko gauaren ondotik, lehenagoko ibarra kantonamendu bilakatzen da, gero herri; eta Bidarrai bere gain jartzen 1800-ean. Konbenzionearen gerlan Espainiarekin eta gero Imperioan armada hor da: urte horietan da Baionako bidea (geroko 918 departamentala) Errobi bazterretarik eta Bidarraitik idekitzen, eta Heletan eta Irisarrin gaindi Ugarzaneko auzotik Orzaizera sartzen zen “Orzaiz-bide” zaharra uzten.

Bidarrai eta Arrosa gabe, Orzaize herriko 5 lehengo auzoek bakarrik 250 etxez goiti badituzte XIX-garren mende hastapenean, gehienak laborantzakoak (jabe ‘ta etxetiar), ofizialenak ere (saldegi, orgagile ‘ta zurgin, zapatagin, arotz, ehule eta b.), tratulari eta arrandari bekan zenbait. Sobera bete horrek mende hastetik ekharri du herriz aldatzeko mugimendu bat, lehenik “Montevideo” eta Hego-Amerikara, berantago XX-garren mendean Kaliforniara joaiteaz aldikatua. Orzaizek 39-45-ko gerla orduan 1045 egoile bazituelarik oraino, ikusi du jendealdea abantzu erdiaz ttipitzen. Burdinbidearen ethortzeak Arrosara XIX-garren mende azkenean lagundu duke segurki herri horren jartzea bere gain 1923-an, eztabada luze batzuen ondotik aitzineko mendean.

XX-garren mende azkenetik XXI-eko hastapenera aldapen handi batzuek Orzaizeko herrian egintzak eta itxura bermoldatu dituzte. Laborantzako lurren gibelatzearekin, orotan bezala, bizileku berriak sortu dira, egiazko auzo berri batzu eginez hala nola Zubialdekoa Ahaize beherean eta Lakako ondoan, eta etxe berriak lehengo auzo guzietan. Orzaizeko egoileak milako batera hurbilzera doaz berriz. Aldakuntza horietan ohargarriena saldegi eta ofiziale multzo baten agertzea da 918 Departamentaleko bi aldetan Errobi eta Arrosako aldera Gahardu auzo zaharraren hedamenean, Iraordoki izena atxiki duen eremu horrarano abantzu jendez hutsean. Orzaizeko herria, lehengo berezitasun gehienak begiratu dituen batean, “argamasekilo” etxe ederrak eta athe-leihoburuetako harridazkiak, berritu da horrela, oraikotu.    

Hurrengo hitzorduak

23 Urr

Zurezko eta kanpoko jokoekin animazioa

10:30 - 12:00
125 Ezkerparetako bidea 64780 Ortzaize
19 Uzt

Zinema gaua kanpoan

22:00 - 23:30

Herriko etxea

Orduak:
Astelehenetik ostiralera: 13h30 – 17h30 Asteazkenean: 9h00 – 12h00